Sprint modalitateko Euskadiko Txapelketan parte hartuko dute Trigoikoek bihar

Trigoi Triatloi Taldekoek ez dute atsedenik hartzen, eta asteburu honetan ere txapelketa izango dute. Lekeition (Bizkaia) jokatuko den sprint distantziako Euskadiko txapelketan parte hartuko dute bihar, azken asteetan lortu dituzten emaitza onak errepikatzeko asmoz.

Astero-astero, lortutako emaitzen berri ematen dute Trigoikoek, eta gaur, aurreko asteburuan lortutako emaitza bikainen berri eman dute. Zarauzko triatloiean eta Donostiako sprint triatloiean parte hartu zuten Trigoikoek. Zarautzen jokatu zen proba, maila altukoa izan zela esan dute. 700 parte hartzaile inguruk parte hartu zuten, eta Trigoikoak “txukun” aritu zirela azpimarratu dute.

Halako probetan esperientzia duten Trigoiko kirolariek sailkapeneko aurreko postuetan amaitu zuten proba. Lehen aldiz parte hartu zuten taldekideak berriz, gustura agertu ziren proba amaitzea lortu zutelako.

Taldeka lortutako emaitzarekin ere pozik daude goierritarrak, “triatloiean parte hartu zuten 64 talderen artean, Trigoi 8.a izan zelako”. Zarauzo proban Trigoi taldeko Naroa Arrieta, Ane Mendia, Aitor Azurmendi, Etor Mendia, Harkaitz Arruti, Andoni Ibarbia, Luis Elizalde eta Xabier Morillo aritu ziren.

Donostian txapela lortuta

Aurreko asteburuan Donostian jokatu zen sprint modalitateko Gipuzkoako txapelketan ere parte hartu zuten Trigoikoek. Parte hartu bakarrik ez gainera, garaipena ere eskuratu baitzuten hainbat kategoriatan. Azken hilabeteetan asko hobetu duen Adur Eskisabelek 16. postuan amaitu zuen sailkapen orokorrean; Junior mailan ordea, bigarren egin zuen eta Gipuzkoako txapela ere irabazi zuen. Maite Murgiak ere Gipuzkoako txapela lortu zuen junior mailan. Beteranoen mailan berriz, hirugarren egin zuen Daniel Zabalo taldekideak.

2011/06/17, Eskeine Legorburu, Goierriko Hitza.