Distantzia luzean Euskadiko txapela lortu du Trigoik

Hirugarren urtez jarraian irabazi du Trigoi Triatloi Taldeak Duatloiko distantzia luzeko taldekako Euskadiko txapelketa. Asteburuan jokatu da lehiaketa, Arrigorriagan (Bizkaia), eta goierritarrek proba «bikaina» egin zuten, «taldeak maila altua ematen jarraitzen duela erakutsiz», taldekideek adiaerazi dutenez.

Emaitza bikain horren erakusgarri dira Leire Etxezarretak bigarren postua lortu izana, eta mutiletan Luis Mari Urizar hirugarren sailkatu izana. Bizikletan egindako lan onari esker lortu zuen Urizarrek hirugarren postua.

Taldeka Euskadiko txapela lortu izana ordea, «talde lanaren emaitza» izan dela azpimarratu dute Trigoikoek, Etxezarretak eta Urizarrek lortutako postuez gain, gainontzeko taldekideek lortutako postuei eta denbora onei esker lortu baitute txapela. Joxi Garmendiak eta Aitor Azurmendik egindako lana azpimarratu dute Trigoikoek. Parte hartzaile horiekin batera lehiatu ziren Arrigorriagan Naroa Arrieta, Iban Iturri, Harkaitz Arruti, Gorka Insausti eta Andoni Ibarbia taldekideak ere.

Bizkaian jokatutako proban, 12 kilometro egin behar izan zituzten lehenengo kirolariek. Ondoren 76 kilometro bizikleta gainean, «aldapaz beteriko ibilbide batean», eta amaitzeko, beste 12 kilometro korrika.

Egindako lanaren saria

Duatloiko distantzia luzean hirugarren urtez jarraian txapela lortu izana, «kirolariak egiten ari diren lan handiaren saria» dela esan dute Trigoikoek.

Izan ere, denboraldia hasi denetik, euskal zirkuituko lasterketa guztietan parte hartu dute goierritarrek, eta proba guztietan «presente eta punta-puntan» egon dira. «Taldean gauzak ondo egiten ari diren seinale da Euskadiko txapela» triatloilarien ustez.



2011/04/20, Eskeine Legorburu, Goierriko Hitza.