Triatloi taldeak garaipenekin hasi du denboraldia.


2008-IV-02, Maider Del Olmo.
Azken asteetan jokatutako duatloietan emaitza onak lortu dituzte Goierriko kirolariek, lehenengo probetan.

Goierriko Triatloi Taldeak emaitza onekin hasi du duatloi denboraldia. Goierriko kirolariak sailkapenean lehenengo postuetan ibili dira, eta taldeka garaipenen bat ere lortu dute dagoeneko, denboraldia hasi bakarrik egin den arren.

Larunbatean, martxoak 29, Haroko (Errioxa, Espainia) mendiko duatloian sailkapen orokorrean bigarren egin zuen Jon Erguin beasaindarrak, Unai Yus gasteiztarraren atzetik. Goio Mujika arriarandarra bosgarren izan zen (beteranotan txapelduna) eta Aitor Mujika arriarandarra hamabosgarren tokian geratu zen. Duatloiak honako probetan zetzan: 10 kilometro korrika, eta beste 20 kilometro mendiko bizikletan.

Orain dela hiru aste, berriz, Gasteizko mendiko duatloia jokatu zen, hain justu, Espainiako Koparako hirugarren proba puntuagarria izan zena. Proba honakoa izan zen: 6,5 kilometro korrika, 20 mendiko bizikletan eta 3,5 korrika.

Taldekako sailakapenean laugarren postua lortu zuen Goierriko taldeak. Sailkapen orokorrean hauek izan ziren lortutako emairtzak: bederatzigarren postuan Jon Ergüin 1:40:42 denborarekin, 23. postuan Goio Mujika 1:46:44 denborarekin, eta 33. postuan Aitor Mujika 1:52:31 denborarekin. Informazio gehiago helbide honetan aurki daiteke: http://www.ascentium.org/

Oñatin ere ondo
Gasteizkoa baino egun bat lehenago, martxoaren 15ean, Oñatiko duatloia jokatu zen, Euskadiko Duatloi Txapelketarako puntuagarria; 8 kilometro korrika, 40 bizikletan eta 4 korrika. Guztira 300 parte-hartzaile izan ziren, eta 28 klubek parte hartu zuten. Taldekako sailkapenean lehenengo izan zen Goierri.

Goierri Triatloi Taldetik jakinarazi dutenez bigarren aldiz geratu dira lehenengo. «Martxoaren 1ean Durangon taldeka txapeldun izan ginen eta baita orain ere Oñatin. Eta hurrengoan ere aurrean ibiliko gara», aurreratu dute. Taldekideak Oñatiko sailkapenean honela geratu ziren: 4. Asier Etxezarreta (1:45:36), 9. Asier Eskisabel (1:46:12), 24. Juan Karlos Valdivielso (1:50:12), 32. Oier Zabala (1:51:44), 53. Gorka Eraso (1:53:52), 90. Jose Ramon Altuna (1:57:15), 97. Iosu Telleria (1:57:56) eta 98. Iker Baztarrika (1:58:21).