Eneko Elosegi hamalaugarren sailkatu da Lanzaroteko ironman proban



Goierriko Hitza, 2010/05/28, E.L.
Munduko onenen artean airtu da, eta lortutako emaitzarekin «oso gustura» dago beasaindarra.

Txinako Ironman proban seigarren postua lortu ondoren egin da ezagun, batez ere, Eneko Elosegi triatleta beasaindarra. Ironman markako probetan parte hartzen du, azkenekoz asteburuan Lanzaroten. Ez du lehen hamarren artean sailkatzea lortu, baina munduko triatleta onenen artean lehiatu ondoren, hamalaugarren sartu zen helmugan, eta «oso gustura» dago lortutakoarekin.

«Guztira 1500 pertsonek parte hartu dute proban, eta zeintzuk zeuden ikusita, Txinan lortutako emaitzarekin bezain gustura nago Lanzaroten lortutakoarekin», aitortu du Elosegik.

Txinako probatik hona igerian hobeto aritu dela dio, eta horrek «asko» balio du Elosegirentzat, «entrenatzen eta hobetzen joatea» baita oraindik ere beasaindarraren helburua.


Entrenatzen jarraituko du

Beste bi hilabete inguruan entrenatzen jarraitzeko asmoa du Elosegik, eta ondoren beste Ironman bat egin eta zertan hobetu duen ikusi. Europan egingo den probaren batean parte hartu nahiko luke, baina batez ere aurrera begira zertan hobetu behar duen esango dion norbait nahi du alboan: «orain arte lagundu didatenekin asko ikasi badut ere, datu zehatzak aurrean edukita nirekin ariko den baten bat aurkitu nahi dut».

Hori lortzea ordea, kosta egiten dela azpimarratzen jarraitzen du triatletak, «hemen kirol honek ez duelako jarraitzailerik. Estatu Batuetan edo Alemanian jendeak nahikoa gauza lortzen ditu nik hemen egin dudanarekin, eta nik ez dut ezer lortu, nahiz eta Gipuzkoan ez dagoen inor Ironmanetan nik adina lorpenekin».

Lanzaroten bederatzi ordu eta 21 minutuko denborarekin amaitu zuen proba Elosegik, baina Ironman batetik bestera denbora kontuetan alderaketarik ezin dela egin dio, «ibilbidea, eguraldia... hartu behar direlako kontuan».


Goierritar gehiagorekin batera

Lanzarote Goierritik gertu dagoenaren aitzakiarekin goierritar gehaigok ere parte hartu dute Lanzarote Ironmanean Elosegirekin baera. Goierritar horien artean daude Aitor Azurmendi ordiziarra, Aitor Alberdi urretxuarra eta Juan Carlos Valdibielso beasaindarra.

Alberdi 69. postuan sailkatu zen, 10 ordu eta 8 minutuko denborarekin eta 8 minutu beranduago (10 ordu eta 16 minutu) Azurmendi, 88. posutan. Valdibielsok ezin izan zuen proba amaitu, ondoezik jarri eta erretiratu egin baitzen.

Trigoi Euskadiko Txapeldun Arrigorriagako duatloiean

Goierriko Hitza, 2010/04/23.
Trigoi Goierriko triatloi taldeak Euskadiko Txapelketa eskuratu du Arrigorriagako (Bizkaia) duatloian. Iaz ere Euskadiko txapeldunak izan ziren, eta 2008an txapeldunordeak. Trigoi taldekoak Azkoitian ere izan dira asteburuan, eta bi duatloietan emaitza bikainak lortu dituzte. Luis Mari Urizarrek hirugarren amaitu zuen Arrigorriagan eta Eneko Elosegik bosgarren. Adur Eskisabel lehen juniorra izan zen Azkoitian.