Eskualdeko triatoilarien harrobia lantzeko saioa Ordizian


eskeine legorburu, 2009-06-14.

Trigoi taldeak gaztetxoei zuzendutako triatloi probak antolatu ditu Altamira auzoan, kirol mota hori ezagutarazteko.

Beroari aurre eginez egin zuten atzo berrehun haur inguruk beraien lehen triatloia. Goierriko Trigoi triatoilari taldeak antolatuta Ordizian ospatu zen atzo haurrei zuzendutako lehen triatloi proba Altamiran.
Helduen antzera, igerian, txirrinduan eta lasterka aritu behar izan ziren parte-hartzaileak. Benjaminek 50 metro egin zituzten igerian, kilometro bat txirrinduan eta 300 metro korrika. Alebinek igerian 100 metro egin zituzten, bi kilometro txirrinduan eta 700 metro korrika. Infantilek 150 metro igerian, hiru kilometro bizikleta gainean eta 1100 metro lasterka. Kadeteek aldiz 200 metro igerian, lau kilometro txirrinduan eta 1500 metro lasterka.

Proba denak Altamirako kirol gunean egin zituzten: kanpoko igerilekuan (atzo zabaldu zuten bainu denboraldia), atletismo pistan eta futbol zelai atzeko kaleetan.
TRIATLOIA SUSTATZEKO PROBA

Probaren helburuetako bat eskualdean triatloia bultzatzea zen, Jon Aranburu Trigoi taldeko kideak adierazi duenez. «Eta, bide batez, eskualdean triatloietan parte hartzen duen talde bat dagoela jakinaraztea ere bai».

Gazteen artean triatloia «zer den» erakutsi nahi izan zuten Trigoiko kideek. «Horretarako modurik egokiena proba bat antolatzea iruditu zaigu. Gaztetxoek zein gurasoek kirol honen nondik norakoak ezagututa etorkizunean triatloirako grina piztu nahi diegu, kirol indibiduala izanagatik oso kirol konpletoa delako».

Garbi geratu zen atzo Ordizian triatloiak etorkizun oparoa izan dezakeela eskualdean, hasierako pronostiko guztiak apurtuz uste baino askoz ikasle gehiagok eman baitzuen izena. «Proba antolatu genuenean berrogei parte-hartzaile inguru etorriko zirela espero genuen, baina azkenean 225ek eman duten izena». Eskualdez kanpoko ikastetxeetatik ere jaso dute proban parte hartzeko eskaera; «baina horrenbeste parte-hartzaile izanda, azkenean eskualdeko ikasleek bakarrik partehartu ahal izan dute».

Goierriko bederatzi ikastetxeko (Beasaingo Alkartasuna Lizeoa, La Salle eta Loinazpe, Ordiziako Jakintza, Urdaneta eta Oianguren, Lazkaoko San Benito, Ataungo Joxe Migel Barandiaran eta Legorretako Ugaro) 167 ikaslek parte hartu zuten. Esfortzua saritzeko opariz betetako poltsa eraman zuten etxera denek.

BALORAZIO POSIRTIBOA
Proba amaituta, aste honetan zehar egingo dute Trigoi taldeko kideek balorazio orokorra, datozen urteetan egin beharreko hobekuntzak aztertuz. Jarraitu, jarraituko dutelako. Hala ere, atzo eguerdian parte-hartzaileen, gurasoen eta antolatzaileen balorazioa oso positiboa zela aurreratu zuen Aranburuk. «Probaren amaieran hainbat gurasok eskerrak eman dizkigute antolaketa onagatik, eta gaztetxoak ere pozik ikusi ditugu». Antolatzaileak ere gustura, atzo Ordizian ereindako haziarekin.

Txikienen lehen triatloia


iñaki gurrutxaga, 2009-06-11.
Larunbatean, hilak 13, Goierriko eskolaumeen triatloia jokatuko da Ordiziako Altamira estadioaren bueltan. Triatloia ezagutzera ematea eta kirol horren gogortasunaren «mitoa haustea» du helburu probak.

Trigoi Goierriko Triatloi taldearen ekimenez egingo da larunbatean aurrenekoz Goierriko eskolaumeentzako triatloia. Bilera batean sortu zitzaien halako kirol ekimen bat antolatzeko ideia, eta Goierriko Eskola Kirolaren arduradunekin hitz egin eta gero, aurrera egitea erabaki zuten. Goierriko hainbat ikastetxeetako berrehun eskolaume inguruk parte hartuko dute, lau mailatan banatuta: benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak.

Hiru dira gaztetxoentzako triatloia antolatzeko arrazoiak, Trigoi taldeko Jon Aranburuk azaldu duenez. Aurrenekoa, Trigoi taldea bera ezagutzera ematea. «Urte batzuk badauzka dagoeneko taldeak, baina guk bakarrik parte hartu izan dugu lehiaketetan, ez dugu inorentzat ezer antolatu, eta polita iruditzen zitzaigun umeen bidez gure taldea ezagutaratzea».

Triatloia bera sustatzea da proba hori antolatzeko bigarren arrazoia. «Ez dago Eskola Kirolaren barruan, baina arduradunak animatu egin dira, eta ikasleak bultzatu dituzte. Harrobi txiki bat sortzeko modua ere izan daiteke», azaldu du Aranburuk. Eta hirugarrena «mito bat haustea» da. «Triatloia kirol oso gogorra dela esaten da, eta hori ez dela hala erakutsi nahi dugu. Kirol oso konpletoa da, baina hori bai, adina eta norberaren ahalmena aintzat hartu behar da». Horregatik zatitu dute proba lau mailatan, eta horregatik egin beharko du maila bakoitzak lan ezberdina.

Igerian, bizikletan eta korrika.
Majori kiroldegiaren kanpoko igerilekuan hasiko da triatloia, maila guztietan. Igerian bukatu eta gero, igerilekuan bertan prest izango dituzte bizikletak umeek, eta Altamira auzoan prestatutako zirkuituan ibiliko dira txirrinduan, ibilbidea Altamira estadioan bukatuz. Korrika pistan bertan egingo dute. Antolatzaileen kalkuluen arabera, ordu erdi inguruan bukatuko dute proba parte-hartzaileek.

Eskola Kirolaren barruko ekimena denez, ez da irabazlerik eta saririk egongo, baina opariak bai. Ume bakoitzari poltsa bana emango diote, galletekin eta edariekin, eta probaren logoa duen elastiko bat ere bai. «Parte-hartzea eta triatloia ezagutzera ematea da helburu nagusia», nabarmendu du.

Datuak
- Benjaminak (10:00). Igeri 50 metro, kilometro bat bizikletan eta 300 metro korrika.
- Alebinak (10:30). Igeri 100 metro, bi kilometro bizikletan eta 700 metro korrika.
- Infantilak (11:00). Igeri 150 metro, hiru kilometro bizikletan eta kilometro bat korrika.
- Kadeteak (11:30). Igeri 200 metro, lau kilometro bizikletan eta kilometro eta erdi korrika.

Altamirara autoekin sartu edo ateratzeko etenak egongo dira
Larunbatean jokatuko den umeen triatloiak Ordiziako Altamira auzoaren martxan eragingo du, batez ere autoen zirkulazioan. Ordiziako Udaltzaingoak adierazi duenez, Altamirara autoarekin sartzeko edo irtetzeko murrizketak egongo dira, 10:00etatik 12:00etara. Adin multzo batekoek proga bukatu eta hurrengoek proga hasi bitartean bakarrik irekiko dute trafikoa.

Etenaldi horrek Oianguren, Zumalakarregi, Lazkaomendi, Altamira eta Okorro kaleko bizilagunei eragingo die. Altamirako aparkalekuari, Gernikako Arbolaren pasealekuari, institutuari eta Majori kiroldegiari ez die eragingo.

Etor Mendia beterano onena Onditz proban


Etor Mendia lazkaotarrak lehen postua lortu zuen beteranoen artean Donostiako Onditz memorialean.