Uxua barandiaran, 2004-10-08.Jon aranburu: «Sailkapenean postu ona lortu baino nahiago dut proban gozatu»
Urriaren 16an Hawai-n ospatuko den Munduko Iron Man Txapelketan parte hartuko du kirolari goierritarrak. Hawai-ko paradisuan egongo da dagoeneko Jon Aranburu goierritarra.
Bertako parajeak ikustera baino gehiago, lanera joan da, ordea. Izan ere, urriaren 16an iron man proban parte hartuko du. Joan aurreko egunetan entrenatzen aritu da buru-belarri, baina tartetxo bat hartu du Goierriko Hitzarekin berriketan aritzeko.
- Munduko Iron Man Txapelketa izanik, proba gogorra izango da, ezta?
Bai halaxe da. Iron man guztietan egin beharreko probak hiru dira: 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro txirrinduan eta beste 42,195 kilometro korrika. Beraz, dudarik gabe, oso gogorra izango da egin beharreko lana.
- Zer aldatzen da iron man batetik bestera?
Distantziak berberak dira beti, baina hori egiteko behar den denbora aldatu egiten da. Izan ere, lurralde bakoitzean eguraldia desberdina da, eta bertako orografia ere aldatu egiten da. Ondorioz, baldintza horien araberakoa izan ohi da iron man-a egiteko behar den denbora.
- Munduko Txapelketara joateko zer da beharrezkoa?
Mundu guztian 15 iron man inguru egiten dira, eta horietako bakoitzean Hawaira joateko postu jakin batzuk daude jokoan. Beraz, Munduko Txapelketa ra joateko ezinbestekoa da postu horietan sailkatzea.
- Eta zure kasuan non lortu zenuen?
Uztailean Frankfurt-en ospatu zen iron man-a, eta nire kategorian, hau da, 30 urtetik 35 urte artekoen multzoan, lehen 20ak sailkatzen ziren Munduko Txapelketara joateko. Ni 16. postuan sartu nintzen helmugan, eta horrela lortu nuen Hawaira joateko txartela.
- Zein helbururekin zoaz?
Munduko Txapelketa izanik, oso lehiakide gogorrak izango ditut. Beraz, nire helburu nagusia ez da denbora hobetzea, edo sailkapenean postu ona lortzea, baizik ahal den neurrian gozatzea.
- Laguntza ekonomikorik jaso al duzu?
Orain arte nire poltsikotik jarri izan dut dirua, baina iron man honetarako ordaindu beharreko diru kopurua izugarria da. Horregatik, azken hilabete eta erdian laguntza ekonomikoa lortzeko ahaleginetan aritu naiz, eta, azkenean, honako hauek eman didate diru laguntza: Hine, Jaso,Ampo-Poyam, Goilaser, Vulcanizados Martinez, Tejas Garmendia, Olaran eta Legorretako Udala.
-Zein probatan sentitzen zara erosoen?
Orain arte uste izan dut korrikako proban moldatzen nintzela hobekien, baina triatloian konturatu naiz txirrinduan egindako denbora korrikako proban egindakoa baino hobea izan dela batzuetan. Beraz, ezin dut esan zein probatan aritzen naizen hobekien. Hala ere, iruditzen zait igeriketa izan litekeela ahulena; oso denbora gutxi eskaintzen diot igeriketari, eta horregatik, normalean, denborarik txarrena uretako proban egiten dut.
- Zer prestakuntza mota jarraitzen duzu iron man probara joateko?
Egia esan, entrenamenduak oso nekezak dira; sakrifizio handia eskatzen du. Kirolari bakoitzak bere entrenamendua dauka. Nire kasuan, batetik hemen dauden lasterketetan parte hartzen dut eta hori entrenatzeko modu bat da niretzat. Bestetik, ahal izanez gero, egunero sei-zazpi ordu entrenatzen dut iron man-eko hiru probak landuz. Gimnasiora ere joaten naiz.