Jon Erguinek bigarren egin du Espainiako Neguko Triatloian


2009-01-27, A. Apalategi.
Europako eta Munduko txapelketak jokatzeko txartela eman dio bigarren postu horrek beasaindarrari.

Europako eta mundu mailako triatloi zuriak jokatzeko txartela lortu du Jon Erguin beasaindarrak, Espainiako lehiaketan bigarren egin eta gero. Benasqueko triatloian estatu mailako kirolari onenak bildu dira asteburuan. Tartean zen azken bost urteetan irabazi duen Victor Lobo ere. Orain arteko probetan bezala, beste maila batean dagoela erakutsi zuen Lobok. Hasieratik aurrea hartu zuen iraupen eskiko proban, eta gainontzekoek ezin izan zioten itzalik egin.

Jon Erguinek ere lan ona egin zuen, eta hasieran hirugarren postuan joan bazen ere bizikleta hartzearekin batera aurrera egin eta bigarren postua lortu zuen. Probaren ondoren egindako lanarekin gustura agertu zen Erguin: «Helburua podiumeko borroka horretan sartzea zen, eta oso gustura gelditu naiz».

Erguinekin batera beste euskaldun bat ere sartu zen podiumean. Izan ere, Eneko Llanos arabarrak lortu zuen hirugarren postua. Emakumezkoetan, berriz, Inmaculada Perez bilbotarra izan zen azkarrena.

Bigarren postuak, zilarrezko domina ez ezik, Europako txapelketan eta mundukoan parte hartzeko aukera emango dio Erguin beasaindarrari. Hurrengo hitzordua Europa mailakoa du, bi aste barru. Hurrengo astean jokatuko da Munduko Txapelketa.

Triatloi zurian puntan


2009-0-24, iñaki gurrutxaga.

Jon Erguin beasaindarrak neguko triatloiko Espainiako txapelketan parte hartuko du bihar Benasquen (Huesca). Hiru onenen artean sailkatzea du helburu, aurkariak batere samurrak ez diren arren.

Jor Erguin neguko triatloilari beasaindarra denboraldiko probarik garrantzitsuenean lehiatuko da bihar Huescako Pirinioetan (Espainian). Espainiako neguko triatloi txapelketa jokatuko da bihar Benasque-Llanos del Hospital parajean, eta hiru onenen artean sailkatzeko asmoarekin doa Erguin hara.

Probaren beraren gogortasunari aurkarien maila gehitu behar zaio, Euskal Herri eta estatu mailako neguko triatloilaririk onenak bilduko direlako. Victor Lobo Espainiako egungo txapelduna da biharko proba irabazteko hautagai nagusia, eta podiumerako lehia ere ez da samurra izango. Eneko eta Hector Llanos anaiak, Patxi Vila txirrindulari profesionala, Sebastian Catla, Joan Freixa eta Jon Erguin bera dira, besteak beste, puntan ibiliko diren kirolariak.

Joan den asteburuan Anson
Biharko txapelketan hamar kilometro egin beharko dituzte lehendabizi iraupen eskian, beste horrenbeste kilometro mendiko bizikletan eta bost korrika, dena elurretan.

Joan den asteburuan Ansoko neguko triatloia jokatu zen. Erguin hirugarren sailkatu zen, Victor Lobo eta Patxi Vilaren atzetik. Bost kilometro egin zituzten korrika Anson, 20 kilometro Ansotik Linzara mendiko bizikletan eta zortzi kilometro iraupen eskian Linzan. Patxi Vilak lehertu zuen lasterketa, txirrinduan. Lobok bakarrik jarraitu ahal izan zion Vilari, eta eskiatzen aurre hartu zion Lobok txirrindulariari. Erguin Vilarengandik 10 segundura sailkatu zen azkenean. Jon Erguinek babesle berria du aurtengo denboraldian, Levenger-Digitalak.