Uxua Barandiaran, 2006-06-24.
Eskarmentu handiko kirolariak daude Goierri Triatloi Taldean; helburuak helburu, kirolarekin gozatu nahi dute guztiek.
Urte guztian zehar kirola eginez disfrutatu, lagun artean eta lekuak ezagutuz», horixe da Goierri Triatloi Taldeko kideak elkartzen dituen asmoa. Kirola egitea dute gustuko guztiek. Norberak bere erronkak ditu aurrean, baina garrantzitsuena kirolaz gozatzea da.
Kirolarien eskarmentua eta bere ibilbide luzea aldeko ditu Goierri Triatloi Taldeak. 1990. urte inguruan kirol inguruko giroa berotzen hasi ziren zenbait lagun. Tartean zen gaur egun Liverpool talde ingeleseko prestatzaile fisiko Pako Aiestaran ere. «Gainera, entrenamendu gisako klaseak ere eman zituen», zehaztu du Goierri Triatloi Taldeko Igor Buenok.
Beasain inguruan mugitzen ziren hasierako urte haietan, eta pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak emanez elkartea sortzeko bideari ekin zioten. Antzizar-Arrikutz talde moduan zen ezaguna orduan. Triatloietan parte hartzeko irrika bizia zeukaten, eta baita lortu ere.
1993. urtean Holandan eginiko Iron Man-a izan zen euren txapelketa bidearen hasiera. Aitor Escalante, Igor Merchan, Parris eta Etor Mendia joan ziren hara. Dirua ezinbestekoa izan ohi da horrelako txapelketa batean parte hartzeko, eta talde sortu berri batentzat are gehiago. Horregatik, Beasaingo festetan txosna bat jarri zuten dirua ateratzeko asmoz.
Goierrin jendea mugitzen zela-eta taldearen osaera zabaldu beharra ikusi zuten. Horrela, eskualdeko izaera izango zuen Goierri Triatloi Taldea sortu zen. Momentu honetan 25 fitxa inguru dituzte esku artean. «Batzuk kide berriak dira; besteak, ordea, hasieratik daude taldean».
Txapelketetan parte hartzeaz gain, lehiakide izatetik antolatzaile izatera ere pasa dira hainbatetan, Goierrin kirol probak egiteko ardura hartuz. 2000. urte ingurura arte antolatu zuten duatloia. Ondoren duatloia utzi eta triatloiari egin zitzaion lekua. Laguntza ekonomikoa ez ezik, kirol instalazioak erabiltzeko eskaera ere luzatu du Goierri Triatloi Taldeak. «Norberak bere herriko bazkide izanagatik gutxienez herri handietako kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera librea izatea eskatzen diegu udalei».