2008-VII-15.
Iker Baztarrika beasaindarrak hamar urte inguru daramatza triatloi eta duatloietan parte hartzen eta dagoeneko hiru ironmanetan parte hartu du Portugalen, Alemania eta Frantzian, azken honetan, aurten, 25 urtez azpikoen artean bederatzigarren postuan geratuz
Iker Baztarrikak duela hamar urte probatu zuen bere lehen triatloia Beasainen. Urte ba-tzuk beranduago Goierriko Triatloi taldean sartu zen eta egun, jada hiru ironmanetan izan da Europan zehar. Bere helburua Hawaiko ironmanerako sailkatzea litzateke.
-Noiz eta nolaz hasi zinen triatloietan eta ironmanetan parte har-tzen?
Guzti honekin gutxi gorabehera 1998an hasi nintzen. Gogoratzen naiz Beasainen egin zen azkeneko duatloia izan zela nire lehenengoa. Eta handik lau urte ingurura egin nuen nire lehenengo ironmana 2002.urtean Portugalen. Beti gustatu izan zait kirola, baina bakarrera ez nuen mugatu nahi nire burua eta hemen ikusi nuen hiru konbina-tzen zirela triatloietan, igeriketa, korrika eta txirrindua eta gustatu egin zitzaidan.
-Goierriko Triatloi taldean noiz sartu zinen?
1998-1999. urtean hasi nintzen honetan eta nahiko nahiko ongi ibili nintzen, 18 urte inguru nituen orduan. Hasieran independente bezala hasi nintzen eta 2000.urtean taldean Goierriko Triatloi taldean sartu nintzen arte. Honetan lehenak, Jon Aranburu, Daniel Zabalo eta Etor Mendia izan ziren, hauek zeuden orduan Goierriko triatloi taldean eta ikusi nuen gauza berdinetan ibiltzen ginela. Azkenean lagunak egin nituen eta inskripzioa egin nuen taldean sartzeko eta jada urte dezente daramatzat beraiekin.
-Nola joan da aurtengo denboraldia?
20 kidez osatutako taldea gara eta, batez ere oinarritzen gara ironmanetan, honetan Gipuzkoa mailan gure taldekideetako batzuk izan zirelarik lehenengoetakoak. Oso talde ona dugu duatloietan eta hori agerian geratu da denboraldiko lehenengo zatian urtarriletik aurrera, jende ona dugulako bai korrika eta baita txirrinduan ere. Eta horietan lasterketa batzuk irabazi ditugu. Orain, aldiz, triatloietan gabiltza eta orduan gauzak aldatu egiten dira, igerilari hain onak ez garelako.
-Dagoeneko hiru ironman egin dituzu, non eta noiz?
Lehenengoa Portugalen egin nuen, bigarrena iaz egin nuen Roten Alemanian. Han nahiko eguraldi ona atera zitzaidan eta Gipuzkoa mailako bigarren marka onena egin nuen. Egia esan orduan korrika egiteko baldintza oso onak izan nituen eta ongi atera zitzaidan guztia. Azkena aurten egin dut Frantzia aldean, Nizan.
-Azken ironmanean zer moduz joan zitzaizun?
Nik Hawaiko ironmanera joan nahi nuen, hori da buruan sartuta dudan helburua eta azkena egin nuen Nizako ironmanerako begira aritu nintzen Interneten ea zer nolako eguraldia egin behar nuen Hawaikorako plaza bat lortzeko. Nahiko itsututa nindoan marka horren bila, hasieran pentsatu nuen lortu ahal izango nuela, baina, diferentzia izan zen hemen honelako lasterketak 20 gradu ingurutan egiten ditudala eta han 35 gradutik gorako eguraldia egin zuela. Hainbeste jenderen artean ez nekien zer moduz egin ote nuen eta karrera pixka bat desilusionatua bukatu nuen, baina, helmugara iristean konturatu nintzen 25 urtez azpikoen artean 9. postuan geratu nintzela eta Interneten ikusi nuen Hawairako plaza bi minutura gelditu zitzaidala.
-Zer nahiago duzu txirrindua, korrika ala igerian egitea?
Txirrindua asko gustatzen zait, nahiago nuke ironmanetan adibidez, zer edo zer aldatzekotan txirrinduan 210 kilometro gehiago egin eta igeriketako zatitik kentzea. Igeriketa gustatzen zait, baina bainatzeko korrika egin eta gerorako, ez egunero entrenatzeko. Errazago egiten baitzait kilometroak txirrinduan egitea igerian baino.
-Zein izango da zure hurrengo txapelketa?
Pasa den asteburuan Zurichen izan dira bi taldekide, Juan Carlos Valdivielsok maratoian hiru ordutik jaitsi zuen bere marka eta Jon Aranburu ez zen atera gaizki zegoelako. Nire hurrena 30 urte bete aurretik beste ironman bat egitea izango litzateke helburua Hawairako plaza lortzeko. Lanzarotekoa dut buruan sartuta, baina noiz izango den ez dakit, ironman bakoitzak dauka bere berezitasuna eta honena haizea da.
-Zein da etorkizunari begira Goierriko triatloi taldearen erronka?
Gure erronkari nagusiena litzateke lasterketa gehiago irabaztea, beharrezko maila badugulako, nahiz eta triatloietan pixka bat huts egin arren igeriketarekin. Bestetik, lagun talde bezala jarraitzea eta Goierri mailan triatloia zabaltzea litzateke gure helburua.