Iker Baztarrika: «Kirol markekin ez itsutzen saiatzen naizen arren, oso burugogorra naiz»


2008-07-05, Maider Del Olmo.

Kirola Bi munuturengatik Hawaiiko triatloi proban, 'Ironman'-en, parte hartu gabe gelditu da. Esperantzarik galdu gabe, entrenatzen segiko du hurrengo aukera iritsi arte.

Bizikletan, igerian eta korrika. Ironman izeneko triatloiko hiru proba ditu eginda Iker Baztarrikak (Beasain, 1981); azkena Nizan egin zuen duela egun batzuk, eta bi minuturengatik Hawaiiko Ironmana egiteko atarian gelditu zen. Baztarrika kirolzale amorratua da, bizikletan eta piraguan ibiltzea gustatzen zaio batez ere. Gainera, piragua irakaslea ere bada. Kirol markekin itsutzen saiatzen ez den arren burugogorra dela aitortu du.

-Portugalen egin zenuen zure lehengo Ironmana, ezta?
Bai, 19-20 urterekin. Beste batzuek egiten zutela ikusita pentsatu nuen haiek ahal bazuten nik ere ahalko nuela, eta hor joan nintzen besteekin batera. 80 parte-hartzaileren artean hamabigarren egin nuen eta ez dagoela batere gaizki uste dut. Gero urte batzuk egon nintzen Ironmanik egin gabe, distantzia luzeko beste proba batzuetan parte hartzen aritu nintzen, duatloietan baita ere.

-Bigarren Ironmana Alemanian egin zenuen.
Bai. 2006. urtean Alemaniako Rothen egindako proban parte hartu nuen, eta han ere oso gustura gelditu nintzen egin nuen lanarekin, egiten zuen bero handia kontuan hartuta. Bederatzi ordu eta 21 minutuko denbora behar izan nuen bukatzeko. Giro polita zegoen, esperientzia polita izan zen, gogoan izateko modukoa.

-Orain dela egun batzuk Nizan izan zinen. Nola ikusi zenuen zure burua?
Bizikletan batez ere oso ondo ibili nintzen, denbora aldetik nahiko aurrean gelditu nintzen. Gustatu ere gehiena bizikletan ibiltzea gustatzen zait. Igerian beti bezala egin nuen, sailkapenean erdialdean gelditu nintzen eta korrika ere nahiko ondo. Azkenean 9 ordu eta 51 minutuko denbora egin nuen. Sailkapen orokorrean 59. tokian gelditu nintzen. Aldapak eta beroa ziren probaren ezaugarri nagusiak.

-Hawaiiko probaren atarian gelditu zinen, ezta?
Bi minuturengatik. Pena izan zen. Iruditzen zait bizitzan behin behintzat egin beharrekoa dela Hawaiikoa. Noizbait hara joatea gustatuko litzaidake. Beraz, entrenatzen jarraituko dut eta egunen batean joatea espero dut, noiz izango den ez dakidan arren.

-Egunero entrenatzen al duzu?
Bai, are gehiago proba baten atarian. Aurten, adibidez, jakinda Nizara joan behar nuela Ironmana egitera, Aste Santutik hona gogor entrenatu dut. Ia burua horretan bakarrik izan dut. Egia esateko behin dena pasatu denean sekulako lasaitua hartu dut, pisu handi bat kendu banu bezala.

-Orduan ez duzu oraingoz horrelako beste probarik egingo?
Oraingoz ez. Orain lasaiago arituko naiz, entrenatzen-eta. Mendia asko gustatzen zait , eta aprobetxatuko dut mendira joateko.

-Entrenamendu egun batean zer egiten duzu, adibidez?
Egunean kirol mota bat edo bi egiten ditut, inoiz ez hiru. Adibidez, egun batean korrika kilometro asko egiten baditut egun horretan horixe bakarrik egiten dut. Beste egun batean, adibidez, igeri egitera joaten naiz pixkabatean, eta gero bizikletan ibiltzen naiz.

-Beste kirolik egiten al duzu?
Orain dela gutxi lagun batekin eskalatzen hasi naiz. Gutxi. Baina gustatu zait, hasi berria izanagatik ere. Bestalde, piraguan ibiltzea gustukoa dut, umeei ere erakutsi izan diet piraguan ibiltzen, irakasle bezala.

-Zure helburua kirolari bezala zein da?
Esan bezala, behin bada ere Hawaiira joatea gustatuko litzaidake, hura txapeldunen txapelketa delako, Ironman proben txapelketa. Hala ere, kirol markekin ez itsutzen saiatzen naiz, nahiz eta oso burugogorra ere banaizen.

-Zenbat denbora daramazu Goierriko Triatloi Taldean?
Oso gazte hasi nintzen triatloi taldean parte hartzen, hamar urte izango dira jada. Kirol taldea ezezik aldi berean lagun-taldea ere bagara.