2009-07-16, maitane legarreta.
20 kilometro bizikletan eta 9 kilometro korrika egin beharko dituzte mendi duatloiko parte-hartzaileek.
Arriarango I. Mendi Duatloia antolatu dute Goierriko Trigoi taldeak eta Intxaurpe elkarteak urrirako. Probak 29 kilometro izango ditu denera. Bizikletan eta korrika egin beharko dute ibilbidea parte-hartzaileek. Urriaren 3an burutuko dute lehen mendi duatloia, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak erabakiko dira Arriaranen.
Lasterketak hiru atal izango ditu eta irteera eta helmuga Arriarango plazan kokatuko dituzte. Lehen sektorean korrika egin beharko dute kirolariek, 6 kilometroko mendiko ibilbidean itzuli bat eginez. Jarraian mendiko bizikletarekin bi itzuli eman beharko dituzte 10 kilometroko barrutian. Hirugarren eta azkeneko zatian berriz ere korrika egin beharko dute, 3 kilometroan.
Probaren amaieran txirrinduak garbitzeko zerbitzua eta dutxak egongo dira. Partaide guztien artean opariak zozkatuko dituzte, poltsak izango dira denentzat eta askaria ere egongo da Intxaurpe elkartean.
Duatloia urriaren 3an, larunbata, 16:00etan hasiko da. Parte hartzeko irailean eman ahalko da izena. Euskadiko Triatloi Federazioak kudeatuko ditu izen-emateak webgunetik (
http://www.triatloi.org/).
Proba herrikoia.
Arriarango mendiko duatloiari izaera herrikoa ematea nahi dute antolatzaileek. «Herrikoia izatea nahi dugu, elitekoek bakarrik ez parte hartzea. Proba egiteko esan nahi diogu jendeari. Asko ibiltzen dira korrika eta bizikletan, baina ez dute horrelako probetan parte hartzen. Bultzada hori eman nahi diegu», dio antolakuntzako kide Goio Mujikak.
Iazko udazkenean hasi ziren duatloia egiteko idea aztertzen, eta urtarrilean hartu zuten behin betiko erabakia. «Intxaurpe elkartea berritu zenean Beasaingo Udalak elkarte dinamikoa nahi zuela esan zigun, ez bazkariak eta afariak egiten dituen elkartea soilik. Taldeak sortzen ari gara elkartean: kiroletakoa, kulturala... Lanean ari gara auzoa suspertzeko».
Kirol arloan ere hutsunea nabaritu dute: «Elkarteko bi lagun Trigoi triatloi taldean gabiltza, eta zerbait egiteko beharra ikusten genuen. Aurten Ordizian umeentzako triatloi proba egin da, baina beste ezer ez. Hori ikusita elkartea eta Trigoi taldea elkarlanean hasi ginen proba antolatzeko».
Arriarango urtegia igerirako leku aproposa den arren eta han tritloiak egin izan diren arren, duatloiaren aukerari heldu diote antolatzaileek. «Triatloia antolatzea konplikatu samarra izaten da. Gu ere duatloietan ibiltzen gara. Triatloi asko egiten dira Euskal Herrian eta data jartzeko ere ez da tarterik izaten. Jendea ere nazkatuta dago proba horiekin, erreta. Duatloiak, berriz, ez dira asko egiten eta egiten direnak herrikoiak izaten dira».
Duatloi probak urriak direla-eta, Arriarango probak balioko du Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldunak izendatzeko ere: «Zerbait desberdina egin nahi dugu, federazioarekin hitz egin eta ados zeuden. Proba bakarra denez txapelketa izango da, eta Gipuzkoako eta Euskal Herri mailako txapeldunak izendatuko dira».
Bazterrak garbitzeko auzolana larunbatean.
Duatloirako egokituko duten ibilbidea garbituko dute auzolanean. Larunbaterako jarri dute hitzordua Arriaranen.
Urriko kirol proba jokatu ahal izateko aurretik hainbat lan egin behar dira Arriaranen. Etzi, larunbata, auzolanerako deia egin dute, duatloia garatuko den ibilbidea garbitzeko. Bidea txukundu nahi dute, sasiak, sastrakak eta belarra kendu eta bidea garbi uzteko. Zapatuan 08:00etan bilduko dira Arriarango plazan. «Urtegiaren inguruko bazterrak garbituko ditugu, gero jaitsi eta barrualdetik ere txukunketa lanetan ariko gara eremu horretan. Duatloia jokatuko den ibilbidea garbitzea da kontua». Zenbait lagun entrenamenduetan hasi dira dagoeneko ibilbidean, eta horregatik hartu dute auzolana orain egiteko erabakia.
«Interneten jarrita daukagu probaren inguruko informazioa. Jendea sartu da webgunean eta duatloiko ibilbideko argazkiak ikusi ditu. Batzuk Arriaranera etorri dira ibilbidea ikustera eta probatzera. Ez dago baldintza onenetan orain, eta horregatik larunbatean garbitzea pentsatu dugu». Arriarango lagun batzuk eta triatloi taldekoak bilduko dira lanerako: «Batzarra egin genuen aurrekoan eta elkarteko batzuek joango direla esan zuten. Trigoi triatloi taldekoak ere azalduko dira. Hogei bat lagun elkartzen bagara, primeran». Lanaren ondoren guztiek batera bazkalduko dute auzoko Intxaurpe elkartean. «Egun konpletoa izango dugu».