Jon ergüin: «Eskiekin nabarmentzen naizenez, hor saiatzen naiz besteei aldea ateratzen»


maider del olmo, 2008-01-22.

Espainiako Neguko Triatloian bigarren postua lortu du Formigalen Jon Erguin beasaindarrak, eta otsailean jokatuko den munduko probara begira jarri da dagoeneko.

Egindako lanarekin gustura, pozik, dago Jon Erguin (Beasain, 1980). Urtebete eman du neguko trialoia prestatzen eta asteburuan bere ahaleginek fruitua eman dute Espainiako Neguko Triatloian, Formigalen, txapeldunorde geratu baita.

Kirolzale amorratua da, eta jarduera guztien artean eskia du kuttunena.

-Orain arte duatloietan nabarmendu zara, baina orain triatloietan ere ondo moldatzen zarela erakutsi duzu.
Asteburukoa ez da egin dudan lehenengo triatloia baina bai aipagarriena. Iaz hartu nuen erabakia neguko triatloi honetarako serio entrenatzeko eta horretan aritu naiz buru-belarri lanean , probarako entrenatzen.

-Hamar kilometro eskian, beste hamar mendiko bizikletan eta bukatzeko bost kilometro korrika. Eta dena elurretan. Zuk nola definituko zenuke proba?
Nik esango nuke zirkuitoa gogorra zela, baina gustuko gauza denean, dena errazagoa da.

-Nola prestatu zara probarako?
Korrika eta bizikletan ibiltzea, entrenatzea, ondo etorri zait. Eskia da proba horien artean ondoen egiten dudana, txikitatik eskiatzen baitut, eta asko gustatzen zait, Euskadiko txapelketetan ere postu onak lortu izan ditut. Igandean ere ondoen eskian egin nuen. Horregatik, eskiatzen besteei ahalik eta alde handiena ateratzen saiatzen naiz triatloetan, eta gero gainerako probetan, bizikletan eta korrika, denbora ri eustea izaten da erronka, alde hori ez galtzeko.

-Eneko eta Hector Llanos kirolarien aurretik gelditu zara sailkapenean. Horrelakorik espero al zenuen?
Niretzat lorpen handia da Llanos anaien aurretik egitea, eta lortu dut; oso pozik nago horregatik. Nire asmoa hori zen joan aurretik eta lortu nuen, erronka handia zen niretzat. Faboritoa Zaragozako Victor Lobo zen eta berak egin zuen lehenengo.

-Beste probarik jokatuko duzu laster?
Otsailaren bukaera aldera munduko proba izango da eta han izatea espero dut.

«Erronka handia zen niretzat sailkapenean Llanos anaien aurretik gelditzea, eta lortu dut»