Oso gustura dago Jon Aranburu asteburuan Hawain ospatu den Munduko Ironman Txapelketan egindako lanarekin.


Uxua barandiaran, 2004-10-21.

Jon aranburu: «Uste dut probari ongi egin diodala aurre»
Oso gustura dago Jon Aranburu asteburuan Hawain ospatu den Munduko Ironman Txapelketan egindako lanarekin.

Hawaiko egonaldiaren ondoren, etxean da dagoeneko Jon Aranburu. Atseden hartzeko denbora handiegirik utzi gabe txapelketaren nondik-norakoa kontatzeko Goierriko HItza-rekin aritu da berriketan.

-Merezi izan al du?
Egia esan hasieran zalantzak nituen horrelako bidaia egiteak merezi ote zuen. Baina, lasterketa amaitu ostean ziurtasunez esan dezaket inolaz ere ez naizela damu joan izanaz. Hawaiko eguraldia ez da oso egokia ironman batean parte hartzeko; bero eta hezetasun handia dago eta haizeak oso gogor jotzen du. Baina, uste baino hobeto joan da dena; indartsu eta fresko amaitu nuen lasterketa eta beraz, oso gustura nago egindako lanarekin.

-Dena den, gogorra egingo zitzaizun proba, ezta?
Bai, oso gogorra. Momentu batzuetan beroa jasanezina zen eta horrek neketsuago egiten zuen proba. Hala ere, maila handiko profesional batzuk atzean uztea lortu nuen eta horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zidan. Probaren gogortasunari ongi aurre egin diodala uste dut.

-Konforme al zaude sailkapeneko azken postuarekin?
Ni ez nindoan postu zehatz batean amaitzeko helburuarekin eta beraz, ez diot kasu gehiegi egin sailkapeneko zein postutan amaitu dudan. Txirrinduan indartsu aurkitu nintzen eta arriskatzea erabaki nuen; azkenean, ongi atera zitzaidan.

-Eta egindako denborarekin?
Gauzak ongi joanez gero, 11 ordu baino gutxiagoko denbora egitea espero nuen eta azkenean 10 ordu inguru behar izan ditut. Gainera, beste ironman batzuetan denbora gutxiago behar izan dudan arren, balio handiko proba da Munduko Txapelketa eta beraz, oso pozik nago.

-Maratoian bikain aritu zinen, amaierarako gorde al zenuen indar gehiena?
Ez nintzen pentsamentu horrekin joan baina argi neukan azken 10 kilometroak ez nituela leher eginda bukatu nahi eta amaierarako indarra gordetzen saiatu nintzen. Horregatik, igeriketako proba oso erritmo lasaian hasi nuen. Igerian nindoala, gainera, ahulezia txiki bat sentitu nuen; bizikleta hartu nuenean, ordea, guztia ahaztu zitzaidan eta berreskuratu nintzen baxualditik; lan txukuna egin nuen. Maratoian berriz, erritmo egokia aukeratu nuen hasieratik eta amaierara arte erritmo berbera mantendu nuen. Azken batean, horixe da lortu nahi nuena: lasterketa bukatu arte indarrak eduki nahi nituen eta lortu nuela iruditzen zait.

-Sailkatzea lortuz gero, datorren urtean berriro Hawaira?
Oso gogorra suertatu zait Alemaniako ironman-aren ondoren Muduko Txapelketarako prestatzea. Beraz, momentuz alde batera utzi nahi ditut ironman probak. Niri maratoiak korritzea gustatzen zait eta, batez ere, horixe egingo dut aurrerantzean. Agian, hemendik 2 edo 3 urtera berriro ere ironman batean parte hartzeko gogoa edukiko dut. Momentua iritsitakoan erabakiko dut, baina momentuz horrelako proba gogorrak baztertu egin nahi ditut eta atseden piska ba t hartu.

Jon Aranburuk 108. postua lortu zuen Hawain.


2004-10-19.
Larunbatean ospatu zen Hawain Munduko Ironman Txapelketa eta bertan parte hartu zuen Jon Aranburu goierritarrak.

Hamar ordu baino zertxobait gehixeago behar izan zuen ironmana osatzen duten hiru probak egiteko (igeriketa, bizikleta eta maratoia). Zehazki, 10:02:44 izan zen Aranburuk egindako denbora.

Hiru probak eginda, bukaeran 108. postuan sartu zen helmugan.

Urriaren 16an Hawai-n ospatuko den Munduko IronMan Txapelketan parte hartuko du kirolari goierritarrak


Uxua barandiaran, 2004-10-08.

Jon aranburu: «Sailkapenean postu ona lortu baino nahiago dut proban gozatu»

Urriaren 16an Hawai-n ospatuko den Munduko Iron Man Txapelketan parte hartuko du kirolari goierritarrak. Hawai-ko paradisuan egongo da dagoeneko Jon Aranburu goierritarra.
Bertako parajeak ikustera baino gehiago, lanera joan da, ordea. Izan ere, urriaren 16an iron man proban parte hartuko du. Joan aurreko egunetan entrenatzen aritu da buru-belarri, baina tartetxo bat hartu du Goierriko Hitzarekin berriketan aritzeko.
- Munduko Iron Man Txapelketa izanik, proba gogorra izango da, ezta?
Bai halaxe da. Iron man guztietan egin beharreko probak hiru dira: 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro txirrinduan eta beste 42,195 kilometro korrika. Beraz, dudarik gabe, oso gogorra izango da egin beharreko lana.

- Zer aldatzen da iron man batetik bestera?
Distantziak berberak dira beti, baina hori egiteko behar den denbora aldatu egiten da. Izan ere, lurralde bakoitzean eguraldia desberdina da, eta bertako orografia ere aldatu egiten da. Ondorioz, baldintza horien araberakoa izan ohi da iron man-a egiteko behar den denbora.
- Munduko Txapelketara joateko zer da beharrezkoa?
Mundu guztian 15 iron man inguru egiten dira, eta horietako bakoitzean Hawaira joateko postu jakin batzuk daude jokoan. Beraz, Munduko Txapelketa ra joateko ezinbestekoa da postu horietan sailkatzea.

- Eta zure kasuan non lortu zenuen?
Uztailean Frankfurt-en ospatu zen iron man-a, eta nire kategorian, hau da, 30 urtetik 35 urte artekoen multzoan, lehen 20ak sailkatzen ziren Munduko Txapelketara joateko. Ni 16. postuan sartu nintzen helmugan, eta horrela lortu nuen Hawaira joateko txartela.

- Zein helbururekin zoaz?
Munduko Txapelketa izanik, oso lehiakide gogorrak izango ditut. Beraz, nire helburu nagusia ez da denbora hobetzea, edo sailkapenean postu ona lortzea, baizik ahal den neurrian gozatzea.
- Laguntza ekonomikorik jaso al duzu?
Orain arte nire poltsikotik jarri izan dut dirua, baina iron man honetarako ordaindu beharreko diru kopurua izugarria da. Horregatik, azken hilabete eta erdian laguntza ekonomikoa lortzeko ahaleginetan aritu naiz, eta, azkenean, honako hauek eman didate diru laguntza: Hine, Jaso,Ampo-Poyam, Goilaser, Vulcanizados Martinez, Tejas Garmendia, Olaran eta Legorretako Udala.
-Zein probatan sentitzen zara erosoen?
Orain arte uste izan dut korrikako proban moldatzen nintzela hobekien, baina triatloian konturatu naiz txirrinduan egindako denbora korrikako proban egindakoa baino hobea izan dela batzuetan. Beraz, ezin dut esan zein probatan aritzen naizen hobekien. Hala ere, iruditzen zait igeriketa izan litekeela ahulena; oso denbora gutxi eskaintzen diot igeriketari, eta horregatik, normalean, denborarik txarrena uretako proban egiten dut.

- Zer prestakuntza mota jarraitzen duzu iron man probara joateko?
Egia esan, entrenamenduak oso nekezak dira; sakrifizio handia eskatzen du. Kirolari bakoitzak bere entrenamendua dauka. Nire kasuan, batetik hemen dauden lasterketetan parte hartzen dut eta hori entrenatzeko modu bat da niretzat. Bestetik, ahal izanez gero, egunero sei-zazpi ordu entrenatzen dut iron man-eko hiru probak landuz. Gimnasiora ere joaten naiz.