II. ARRIARANGO MENDIKO DUATLOIA

Urriak 2, larunbata
16:00h.-etan.
Izen-ematea: http://www.triatloi.org

Eneko Elosegi hamalaugarren sailkatu da Lanzaroteko ironman proban



Goierriko Hitza, 2010/05/28, E.L.
Munduko onenen artean airtu da, eta lortutako emaitzarekin «oso gustura» dago beasaindarra.

Txinako Ironman proban seigarren postua lortu ondoren egin da ezagun, batez ere, Eneko Elosegi triatleta beasaindarra. Ironman markako probetan parte hartzen du, azkenekoz asteburuan Lanzaroten. Ez du lehen hamarren artean sailkatzea lortu, baina munduko triatleta onenen artean lehiatu ondoren, hamalaugarren sartu zen helmugan, eta «oso gustura» dago lortutakoarekin.

«Guztira 1500 pertsonek parte hartu dute proban, eta zeintzuk zeuden ikusita, Txinan lortutako emaitzarekin bezain gustura nago Lanzaroten lortutakoarekin», aitortu du Elosegik.

Txinako probatik hona igerian hobeto aritu dela dio, eta horrek «asko» balio du Elosegirentzat, «entrenatzen eta hobetzen joatea» baita oraindik ere beasaindarraren helburua.


Entrenatzen jarraituko du

Beste bi hilabete inguruan entrenatzen jarraitzeko asmoa du Elosegik, eta ondoren beste Ironman bat egin eta zertan hobetu duen ikusi. Europan egingo den probaren batean parte hartu nahiko luke, baina batez ere aurrera begira zertan hobetu behar duen esango dion norbait nahi du alboan: «orain arte lagundu didatenekin asko ikasi badut ere, datu zehatzak aurrean edukita nirekin ariko den baten bat aurkitu nahi dut».

Hori lortzea ordea, kosta egiten dela azpimarratzen jarraitzen du triatletak, «hemen kirol honek ez duelako jarraitzailerik. Estatu Batuetan edo Alemanian jendeak nahikoa gauza lortzen ditu nik hemen egin dudanarekin, eta nik ez dut ezer lortu, nahiz eta Gipuzkoan ez dagoen inor Ironmanetan nik adina lorpenekin».

Lanzaroten bederatzi ordu eta 21 minutuko denborarekin amaitu zuen proba Elosegik, baina Ironman batetik bestera denbora kontuetan alderaketarik ezin dela egin dio, «ibilbidea, eguraldia... hartu behar direlako kontuan».


Goierritar gehiagorekin batera

Lanzarote Goierritik gertu dagoenaren aitzakiarekin goierritar gehaigok ere parte hartu dute Lanzarote Ironmanean Elosegirekin baera. Goierritar horien artean daude Aitor Azurmendi ordiziarra, Aitor Alberdi urretxuarra eta Juan Carlos Valdibielso beasaindarra.

Alberdi 69. postuan sailkatu zen, 10 ordu eta 8 minutuko denborarekin eta 8 minutu beranduago (10 ordu eta 16 minutu) Azurmendi, 88. posutan. Valdibielsok ezin izan zuen proba amaitu, ondoezik jarri eta erretiratu egin baitzen.

Trigoi Euskadiko Txapeldun Arrigorriagako duatloiean

Goierriko Hitza, 2010/04/23.
Trigoi Goierriko triatloi taldeak Euskadiko Txapelketa eskuratu du Arrigorriagako (Bizkaia) duatloian. Iaz ere Euskadiko txapeldunak izan ziren, eta 2008an txapeldunordeak. Trigoi taldekoak Azkoitian ere izan dira asteburuan, eta bi duatloietan emaitza bikainak lortu dituzte. Luis Mari Urizarrek hirugarren amaitu zuen Arrigorriagan eta Eneko Elosegik bosgarren. Adur Eskisabel lehen juniorra izan zen Azkoitian.

«Uste dut oraindik ez dudala ezer egin zerbait eskatzeko»

Goierriko Hitza, Eskeine Legorburu, 2010/04/30.

Eneko Elosegi beasaindarrak seigarren postua lortu zuen Txinako Iromanean, eta askok espero zutena baino gehiago lortu arren hobetzen jarraitu nahi du.

Txinan seigarren postua lortuta Ironman proba bat lehen hamarren artean amaitu duen lehen gipuzkoarra da Eneko Elosegi (Beasain, 1983). Estatu mailan esku bakarrarekin konta daitezke halakorik egin dutenak. Txinakoa pasa da eta hurrengo probari begira dago orain. Lanzaroteko Ironmanean parte hartuko du maiatzean.


Hilabete igaro da Txinan egon zinetetik. Zer sentsazio dituzu orain?

Bi edo hiru hilabete igarotzen ditut proba baten inguruan bueltaka, pasatzen da eta azkenean konturatzen naiz pasa dela, eta hurrengoan pentsatzen hasten naiz. Ez litzateke hala izan behar, politena disfrutatzea izango zelako, baina ni halakoa naiz, burugogorra. Egin ditudan akatsak berehala konpondu nahi ditut, eta hori besterik ez dudanez ikusten, ez dut behar bezala disfrutatzen.


Gutxik lortu dutena lortu duzu, ordea, Txinan.

Bai, eta oso pozik nago. Gainera 2007an munduko txapelduna izan zenak ere parte hartu zuen, 8 ordutik jaistea lortu duen alemaniar batek... Nahiko jende ona zegoen, eta egiten zuen eguraldiarekin ezin gehiago eskatu. Hezetasun handia zegoen, %90 ingurukoa, ia 40 graduko beroa.


Eguraldiak nola eragiten dizu?

Azkenean distantziak beti berdinak izaten dira Ironman guztietan, baina zirkuituan gora-beherak egon daitezke: beroa, haizea... Hala ere, niretzat hemendik Txinarako aldaketak eragin du gehien. Irabazi zuenak neguan Australian entrenatzen du, eta esan zuen Txinakoa egin duen probarik gogorrenetarikoa dela.


Gorputza eguraldira ohitzea al da gakoa?

Niretzat bai. Ni aste bat lehenago joan nintzen, gorputza berora moldatzeko. Larunbatean heldu nintzen eta 37-40 gradu egiten zuen. Baina bat-batean tenperatura jaitsi egin zen, 10-11 gradura. Ostiralerako berriz tenperaturak igo egin ziren eta berriro 37 gradura geunden. Azkenean sufritu egin behar duzu eta horrelakoetan %90 baino gehiago burua da. Proba motzetan talentuak gehiago balio du, baina Ironmanean nire ustez burua da balio duena, eta motibatuta bazaude berdin dio non entrenatzen duzun.


Zuk hemen entrenatzen al duzu?

Bizikletan Nafarroan eta hemen ibiltzen naiz, eta korrika ere bai. Igerian igerilekuan aritzen naiz normalean, eta maiatzetik aurrera itsasoan eta Arriarango urtegian ere bai. Arrantzaleek uzten digutenean!


Zenbat denbora igarotzen duzu egunean entrenatzen.

Asko, egun osoa horretarako dut gainera. Baina gorputzak esaten dizu zenbat entrenatu. Zer lortu nahi duzun ere kontuan hartu behar da. Gorputza ere ohitu egin behar da entrenamenduetara eta hori denborarekin lortzen da. Nik bi urte daramatzat gogor entrenatzen, eta orain hasi naiz nabaritzen gorputza karga horretara ohitzen hasi dela.


Prestatzailerik ba al duzu?

Orain arte nire kasa ibili naiz, baina orain dela aste batzuk australiar batekin jarri nintzen harremanetan eta bera ari zait laguntzen, eta nabaritzen da aldea. Lehen banekien zer egin behar nuen, baina berak noiz zer egin behar dudan esaten dit.


Eta ekonomikoki laguntzen dizun inor ba al duzu?

Orain arte dena nik ordaindu dut, eta eskatu ere ez dut inoiz egin, iruditzen zaidalako oraindik ez dudala ezer egin zerbait eskatzeko. Txinan seigarren egin ondoren laguntza jasotzen hasi naiz, eta aukera batzuk eta talde batzuk agertu dira, baina diru laguntzarik ez dut eskatu. Manager antzeko bat dut orain, baina gauzak zail daude.


Aukerak zerk ireki dizkizu, Txinan lortutakoak edo hiru urte hauetan erakutsi duzunak?

Guztira 11 Ironman egin ditut hiru urte hauetan, eta jendeak nire berri izateaz gain zerbait egiteko gai naizela konturatu naiz. Bartzelonan 9 ordutik jaistea lortu nuen iaz, Ingalaterran ere egon nintzen, eta horrek ere asko lagundu zidan. Baina Txinakoak ate gehiago irekitzen lagundu dit.


Zer duzu nahiago, igeri egitea, korrika edo bizikletan ibiltzea?

Beti bizikletan ibili izan naiz, baina azkenean hiru gauza egiten diren kirol bat egiten dut eta denak egin behar dira. Igerian ibiltzen naiz okerren, eta hurrengo pausoa hori hobetzea izango da, igerian ez duzulako proba bat irabaztea lortuko, baina galdu egin dezakezu.


Helburua hobetzen joatea da?

Bai, hori da gainera ni gehien motibatzen nauena. Gaztea naiz kirol honetarako, puntan dabiltzanek 30 urtetik gora dituztelako, eta hobetzeko gauza asko ditudan arren nire burua ongi ikusten dut. Denborarekin ikusten badut ezin dudala lortu, txipa aldatu egingo dut eta beste modu batera hartuko dut.


Ingurukoek zer esaten dizute?

Nik hasieratik izan dut konfiantza nire buruarekin, banekien zer egin nezakeen, baina benetan egin ahal izan dudan arte ez naiz lasai geratu. Horrek eman dit aurrera jarraitzeko benetako konfiantza, eta uste dut ingurukoek ez zutela espero lortu dudana lortzea. Eta egia esan nik ere ez. Agian gaizki egin ditut gauzak, baina emaitzak lortzen ari naiz eta denborak arrazoia eman dit. Hala ere gogor entrenatzen jarraituko dut, hobetzeko ditudanak fintzeko.

TRIGOI EUSKADIKO TXAPELDUN!!!

Arrigorriagako Duatloia, 2010-04-17.
Joan dira Trigoiko kideak hara eta... nola ez;
Trigoi Euskadiko Duatloi Txapeldun distantzi luzean!!!
Laster informazio gehiago.
ZORIONAK!

Seigarren postua lortu du Eneko Elosegik Txinako Ironmanean

I. Gurrutxaga, 2010/04/10

Triatloia Orain arte Eneko Llanosek soilik egindako balentria zen proba ofizial batean lehen hamarretan sartzea.
Eneko Elosegi triatloilari beasaindarrak egundoko balentria lortu zuen duela hiru aste Txinako Ironmanean seigarren postua lortuta. Proba ofizial batean aurreneko hamar postuetan sailkatzea lortu duen bigarren triatloilari euskalduna da Elosegi. Eneko Llanos zen orain arte horren gorenera ailegatu izan den bakarra, eta inguruko lurraldeetan ere ez dira asko izan hori egiteko gai izan direnak.
Gogorra izan zen oso Txinako Ironmana, bai kirolarien mailarengatik eta baita bertako eguraldiaren baldintzengatik ere. Luke McKenzie izan zen hasieratik bukaerara lasterketa kontrolatu zuena. Igeriko eta txirrinduko proba bukatuta 11 minutu pasako aldea ateratzen zion bigarren sailkatu zen Major hungariarrari. Elosegi bikain ibili zen bizikletan, Majorrengatik 8 minutura iritsiz. Maratoia 34 gradupean jokatu zen, eta 4. jartzea lortu bazuen ere azkenean 6. postuan bukatu zuen.

Gipuzkoako markaren jabea
Eneko Elosegik iaz lortu zuen Gipuzkoako markaren jabe egitea, Bartzelonako Ironmanean 8 ordu eta 53 minutuko denbora eginda.

Eneko Elosegi, sexto en el Ironman de China


2010/04/09, J. Unanua.

El triatleta beasaindarra Eneko Elosegi ha conseguido entrar en el reducido grupo de españoles en conseguir el Top10 en un Ironman de marca registrada, en la que poco a poco se esta haciendo un hueco, después de un 2009 donde logró conquistar el duodécimo puesto en Inglaterra y conseguir la mejor marca guipuzcoana en Barcelona, con 8h53.
Elosegi tomó parte en la durísima edición del Ironman de China. La prueba fue dominada de principio a fin por Luke McKenzie. En el segmento ciclista, de donde destacó la dureza de las condiciones climáticas, McKenzie aumentó su ventaja después de liderar la natación y se presento en la T2 con 11:30 sobre el húngaro Major. Eneko Elosegi realizo un impresionante parcial de bici a tan solo 8 minutos de Major y llegó en sexto.
El maratón se cubrió «a una temperatura de 34º, aquello era un infierno», apunta Elosegi. McKenzie administró muy bien su renta y en los últimos kilómetros disfrutó de su triunfo cómodamente. Major entró segundo pero sólo le recortó 50 segundos. El danés Groenbek remontó a la tercera posición y Elosegi. después de colocarse cuarto, aguantó el tipo, pese a sufrir en los 12 kilómetros finales, y culminó en la sexta posición.

Trigoi taldearen 2010eko fitxa atera daiteke

Goierriko Hitza, 2010/01/06.
Trigoi Goierriko triatoilari taldekoek 2010erako fitxa atera nahi duten kide berriei deialdia egin die. 2010. urtean Trigoi taldearekin fitxa atera nahi duenak igmez@yahoo.es helbidera idatzi beharko du. Fitxaren inguruan informazio gehiago nahi duenak helbide horretara idatzi dezake, edo www.trigoi.blogspot.com helbidean sartu.