Txikienen lehen triatloia


iñaki gurrutxaga, 2009-06-11.
Larunbatean, hilak 13, Goierriko eskolaumeen triatloia jokatuko da Ordiziako Altamira estadioaren bueltan. Triatloia ezagutzera ematea eta kirol horren gogortasunaren «mitoa haustea» du helburu probak.

Trigoi Goierriko Triatloi taldearen ekimenez egingo da larunbatean aurrenekoz Goierriko eskolaumeentzako triatloia. Bilera batean sortu zitzaien halako kirol ekimen bat antolatzeko ideia, eta Goierriko Eskola Kirolaren arduradunekin hitz egin eta gero, aurrera egitea erabaki zuten. Goierriko hainbat ikastetxeetako berrehun eskolaume inguruk parte hartuko dute, lau mailatan banatuta: benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak.

Hiru dira gaztetxoentzako triatloia antolatzeko arrazoiak, Trigoi taldeko Jon Aranburuk azaldu duenez. Aurrenekoa, Trigoi taldea bera ezagutzera ematea. «Urte batzuk badauzka dagoeneko taldeak, baina guk bakarrik parte hartu izan dugu lehiaketetan, ez dugu inorentzat ezer antolatu, eta polita iruditzen zitzaigun umeen bidez gure taldea ezagutaratzea».

Triatloia bera sustatzea da proba hori antolatzeko bigarren arrazoia. «Ez dago Eskola Kirolaren barruan, baina arduradunak animatu egin dira, eta ikasleak bultzatu dituzte. Harrobi txiki bat sortzeko modua ere izan daiteke», azaldu du Aranburuk. Eta hirugarrena «mito bat haustea» da. «Triatloia kirol oso gogorra dela esaten da, eta hori ez dela hala erakutsi nahi dugu. Kirol oso konpletoa da, baina hori bai, adina eta norberaren ahalmena aintzat hartu behar da». Horregatik zatitu dute proba lau mailatan, eta horregatik egin beharko du maila bakoitzak lan ezberdina.

Igerian, bizikletan eta korrika.
Majori kiroldegiaren kanpoko igerilekuan hasiko da triatloia, maila guztietan. Igerian bukatu eta gero, igerilekuan bertan prest izango dituzte bizikletak umeek, eta Altamira auzoan prestatutako zirkuituan ibiliko dira txirrinduan, ibilbidea Altamira estadioan bukatuz. Korrika pistan bertan egingo dute. Antolatzaileen kalkuluen arabera, ordu erdi inguruan bukatuko dute proba parte-hartzaileek.

Eskola Kirolaren barruko ekimena denez, ez da irabazlerik eta saririk egongo, baina opariak bai. Ume bakoitzari poltsa bana emango diote, galletekin eta edariekin, eta probaren logoa duen elastiko bat ere bai. «Parte-hartzea eta triatloia ezagutzera ematea da helburu nagusia», nabarmendu du.

Datuak
- Benjaminak (10:00). Igeri 50 metro, kilometro bat bizikletan eta 300 metro korrika.
- Alebinak (10:30). Igeri 100 metro, bi kilometro bizikletan eta 700 metro korrika.
- Infantilak (11:00). Igeri 150 metro, hiru kilometro bizikletan eta kilometro bat korrika.
- Kadeteak (11:30). Igeri 200 metro, lau kilometro bizikletan eta kilometro eta erdi korrika.

Altamirara autoekin sartu edo ateratzeko etenak egongo dira
Larunbatean jokatuko den umeen triatloiak Ordiziako Altamira auzoaren martxan eragingo du, batez ere autoen zirkulazioan. Ordiziako Udaltzaingoak adierazi duenez, Altamirara autoarekin sartzeko edo irtetzeko murrizketak egongo dira, 10:00etatik 12:00etara. Adin multzo batekoek proga bukatu eta hurrengoek proga hasi bitartean bakarrik irekiko dute trafikoa.

Etenaldi horrek Oianguren, Zumalakarregi, Lazkaomendi, Altamira eta Okorro kaleko bizilagunei eragingo die. Altamirako aparkalekuari, Gernikako Arbolaren pasealekuari, institutuari eta Majori kiroldegiari ez die eragingo.