Burdinezko gizona.


Uxua Barandiaran, 2006-06-04.

1.000 parte hartzaileren artean 89.postuan sailkatu zen Aitor Zabaleta herritarra Lanzaroteko 'Iron Man' proban.

Burdina bezain gogorrak dira. Ezaugarri nagusi horixe izan ohi dute IronMan proban parte hartzen duten kirolariek. Horietako bat dugu Aitor Zabaleta beasaindarra.

Azken erronka Lanzaroten izan zuen, maiatzaren amaiera aldera eta bikain gainditu zuen proba. 1.000 parte hartzaile abiatu ziren helmugan eta beasaindarra 89.postuan sailkatu zen 10 ordu 43 minutu eta 02 segundurekin.

Gustura egoteko moduko emaitza lortu zuen dudarik gabe, kontuan hartuz gainera parte hartzaileen artean 50 profesionalak zirela.

Zalantzan jarri ezin daitekeen gogortasuna dute Iron Man probek. Egin beharreko lana zein den gogoratzea besterik ez dago. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika. Gogortasun honen aurrean prestaketa ezinbestekoa bihurtzen da. «Bost-sei hilabete lehenago hasten naiz prestatzen eta ahalegintzen naiz egunean bi kirolak konbinatzen. Astean bakoitzetik beraz, hiru edo lau entrenamendu egin ohi ditu bakoitzetik», azaldu du Zabaletak. Ondoen bizikletaren gainean moldatzen dela dio eta okerren berriz igeriketan. Atseden hartzeko aukera handiegirik ez badu ere, astean behin edo bi astez behin egun bateko atsedena hartzen du.

Intentsitatea handiagotuz joaten dira entrenamendu saioak. Azkeneko 6-7 asteak izaten dira gogorrenak baina probaren bezperatan atseden gehiago hartzea beharrezkoa da. Lan saioak ez ezik, elikadura ere ondo zaintzen du Goierri Triatloi taldeko kideak.

Betidanik gustatu izan zaio kirola egitea eta jada seigarren Iron Manari egin dio aurre. Urtean horrelako proba bat egin ohi du baina irail aldean maratoia korrituko du. Hau gutxi balitz gainera, inguruko duatloi eta triatloietan ere parte hartu ohi du.