Lurraldeko atleta onenek parte hartuko dute bihar Arriarango I. duatloiean


2009/10/02/itziar mujika.

Parte-hartzaileek 20 kilometro egin beharko dituzte txirringan eta 9 korrika.
Euskadi eta Gipuzkoako txapelketetarako egoitza ere izango da Beasaingo urtegiaren inguruan egindako froga.

Lurraldeko atleta onenak elkartuko dira bihar Arriarango urtegiaren bueltan, Trigoi Goierriko Triatloi Taldeak Gipuzkoako Triatloi Federazioarekin eta Euskadiko Triatloi Federazioarekin batera antolatutako lehendabiziko duatloi krosean.

Distantzia motzeko duatloia izango da bihar egingo dutena: parte-hartzaileek 20 kilometro egin beharko dituzte txirringan eta bederatzi korrika, sei eta hiru kilometrotako bi txanda desberdinetan. Arriarango plazatik irtengo dira parte-hartzaileak, bertan izango baitira box ak eta helmuga. Lehendabiziko oinezko lasterketak sei kilometrotako ibilbidea egingo du mendian zehar eta lehen trantsizioaren ondoren, duatletek 20 kilometrotako bigarren mendiko bizikleta froga osatu beharko dute, Arriarango mendietan zehar hamar kilometrotako bi itzuli emanez. Probari amaiera emateko, kasu honetan ere mendia zeharkatuz, azkeneko hiru kilometrotako oinezko lasterketari ekingo diote parte-hartzaileek, Arriarango plazan bertan froga amaituz.

Daniel Zabalo Trigoi Goierriko Triatloi Taldearen lehendakariaren esanetan froga zabala egin nahi izan dute. "Maila oso oneko kirolariak izango ditugu gure artean, baina ezaugarri berdintsuak dituzten federatu gabeko kirolariak ere bai", azaldu zuen atzo. Gizon eta emakumeek parte hartu ahal izango dute frogan, bi maila desberdinetan eta biak ere kategoria absolutuan.

Hiru sari banatuko dira gainera: Arriarango I. duatloi krosseko saria, Gipuzkoako Triatloi Txapelketako saria eta Euskadiko Triatloi Txapelketako saria, urte osoan zehar egindako frogen artean txapelketa nagusien ezaugarriak betetzen dituen bakarra baita bihar Arriaranen egingo dena. Bertan erabakiko da, beraz, lurraldeko eta erkidegoko duatletarik onenak zein diren.

Jon Erguin, Yolanda Igartua, Aritz Ejea edota Aitor Alberdi bezalako kirolari ezagunek parte hartuko dute biharko frogan. "Etxean nahiz nazioartean lehian ibilitako kirolariak dira, beraz, maila ona ez da faltako biharko hitzorduan", aitortu zuen Zabalok.

Azken xehetasunak isten ari dira honezkero antolatzaileak, biharko frogari begira jarrita.