
2009-10-01, eskeine legorburu.
Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldunak izendatuko dira; bizikletan eta korrika 29 kilometro egin beharko dituzte.
Urtarrilean hartu zuten duatloia egiteko erabakia Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean. Ordutik nahikoa gestio, bilera eta batzar egin dituzte, baina orain arte egindako lanak asteburuan emango du fruitua, larunbatean jokatuko baita Arriarango I. Duatloia. Intxaurpe elkarteaz gain Trigoi triatloi taldea eta Euskadiko eta Gipuzkoako triatloi federazioak aritu dira proba antolatzen.
120 lagunera mugatu zuten parte-hartzaileen kopurua, eta izena eman dutenen artean 104 gizonezko eta 5 emakumezko daude azkenean. Horien artean Jon Erguin eta Goio Mujika beasaindarrak, esaterako. Beste beasaindar eta goierritar asko ere ikusi ahalko dira Arriarango mendi bideetan. Hasieratik antolatzaileek nahi zuten izaera herrikoia izango du probak.
Hala ere, Euskal Herriko denboraldiaren barruan jokatuko den azken proba izango da Arriarangoa eta, antolatzaileek adierazi dutenez «modalitate honetan Euskadiko onenak» diren duatloilariek ere hartuko dute parte.
Trigoi taldekoak ere pozik daude. Goio Mujikak azaldu duenez «nahiko maila oneko jendea gerturatuko da Arriaranera larunbatean. Bertakoez gain Gipuzkoatik, Bizkaitik edo Errioxatik ere etorriko dira». Partaide kopuruarekin ere gustura dira, «eta eguraldi ona ere ziurtatuta dagoenez, egun bikaina izango da».
29 kilometroko ibilbidea
Guztira 29 kilometroko duatloia antolatu dute. Probari hasiera emateko 6 kilometro egin beharko dituzte korrika. Ondoren 10 kilometroko zirkuituan bi itzuli egin beharko dituzte bizikletarekin; eta azkenik beste hiru kilometro korrika. Ibilbide guztia mendian zehar izango da.
Proba arratsaldeko 16:00etan hasiko da. Irteera eta amaiera Arriarango plazan izango dira, eta bertan egongo dira kokatuta box-ak ere. Dutxak eta bizikletak garbitzeko zerbitzuak ere egongo dira, eta garaikurrez gain partaideentzako hainbat opari ere bantuko dituzte bukaeran.
Jende asko entrenatzen
Uztailean egin zituzten ibilbidean zehar txukuntze lanak. Trigoi eta Intxaurpe elkarteko kideak aritu ziren lanean, eta proba igaroko den guneetako inguruak txukundu zituzten. «Ordutik pixkanaka jendea gerturatzen joan da proba igaroko den eremua ezagutzen joateko», azaldu du Mujikak. Hala ere azkenaldian joan da Arriaranera jende gehien: «Azken bi-hiru aste hauetan jende asko ikusten da Arriaran inguruan, ibilbidea markatuta baitago dagoeneko».
Lehen aldia izanda beldur pixka bat ere badute antolatzaileek, «ez dakigu jenderik etorriko den edo ez proba ikustera. Egiten den lehen aldia da eta ez dakigu zer nolako erantzuna izango duen ikusleen aldetik. Hala ere badira 15 bat goierritar proban, eta inguruko herrietatik ere etorriko dira; beraz, uste dugu parte-hartzaileekin batera familiartekoak eta lagunak ere gerturatuko direla».