
2008-06-04, Maider Del Olmo.
Goierri Duatloietan «denboraldi bikaina» egin eta gero triatloiak jokatzen ari dira Goierriko kirolariak azken asteetan.Bai duatloietan, bai triatloietan, Goierriko Triatloi Taldeko kideak gustura agertu da orain arte jokatutako probetan lortu dituzten emaitzekin. Hala, igandean, ekainaren 1ean, Donostiako triatloian parte hartu zuten, Onditz memorialean. Euriteagatik «sekulako abentura» pasatu zutela adierazi dute. Guztira 400 parte-hartzaile ziren, eta Goierrikoak honako postu hauetan gelditu ziren: Gorka Eraso 53., Enetz Gurrutxaga 66., Etor Mendia 129., Alfonso Diaz 132., Daniel Zabalo 214. (beteranoen bigarren mailan 3. postuan).
Bestalde, maiatzaren 3an Senpereko (Lapurdi) triatloian Eneko Elosegik 18. postuan bukatu zuen, eta Iker Baztarrikak, berriz, 42. postuan. Maiatzean Ironman proba ere jokatu zuten Lanzaroten. Goierritik Eneko Elosegi joan zen hara. Hala ere, bizikletarekin arazo mekanikoak izan zituen eta ezin izan zuen lasterketa bukatu.
Beste hainbat proba
Martxoaren hasieran Durangoko proban Axier Eskisabel bigarren postuan gelditu zen, Juan Karlos Valdivielso bosgarren postuan. Horiez gain Goierri taldeka txapeldun gelditu zen. Handik egun guxira Oñatin jokatutako proban laugarren egin zuen Axier Etxezarretak, bederatzigarren Axier Eskisabelek eta taldeka berriz ere txapeldun izan ziren.
Hurrena Gasteizko mendiko duatloia jokatu zuten, eta Jon Erguin 9.postuan gelditu zen. Erguinek Haroko Duatloian ere parte hartu zuen maiatzean, eta bigarren egin zuen. Aldi hartan Goio Mujika ere lehian zen, eta bosgarren postuan sartu zen helmugan. Beteranoetan bera izan zen txapelduna. Apirilean, Azkoitiko proban Axier Eskisabel seigarren postuan sailkatu zen, eta Juan Carlos Valdivielso zazpigarren.