
m. legarreta, 2008-12-02.
Nagusien mailan txapeldun da Erguin beasaindarra; Izagirre ormaiztegiarrak 23 urtez azpikoetan irabazi du.
Aizarnazabalen (Gipuzkoa) igandean jokatutako ziklo-kros proban emaitza bikainak lortu dituzte goierritarrek. Gipuzkoako txapelak zeuden jokoan, eta gizonezkoen maila nagusikoa eta 23 urtez azpikoa bereganatu dituzte Jon Erguin beasaindarrak eta Jon Izagirre ormaiztegiarrak. David Seco bizkaitarra izan zen garaile, aurkariei minutu bat baino gehiagoko aldea aterata.
Eliteen mailan Jon Erguin beasaindarra seigarren iritsi zen helmugara, baina lehen gipuzkoarra zenez berak eskuratu du titulua. Gipuzkoako txapelketan ondoren geratu ziren Iruretagoiena eta Iñigo Roldan. Jon Izagirre ormaiztegiarrak, berriz, hamaikagarren postua lortu zuen, gipuzkoarren artean lehenengoa 23 urtez azpikoetan.
Igandeko eguraldiak ez zien gehiegi lagundu kirolariei, eta burutu beharreko ibilbidea gogortu egin zuen. Jende asko bildu zen Aizarnazabalen, zirkuitu ederrak eta txirrindulariek eskaini zieten ikuskizunaz gozatzeko.
Goierritarrak kirolean fin
Erguin triatloian ibiltzen da Goierri Triatloi Taldearekin. Neguko triatloiko mundialean parte hartu zuen otsailean Alemanian, eta 20. postua lortu zuen. Jacan jokatutako mendiko duatloian bigarren egin zuen joan den hilean.